14-2-2010
«Eskolari tranpa egiten zaio, gauza gehiegi eskatzen zaizkio»
Hezkuntza bizikidetzan aditua
Eskolan gaitasunak garatuz pentsaera kritikoa sustatu eta droga mendekotasunari aurre har dakiokeela uste du Zaitegik.
Izaten ikasi behar dute haur eta gazteek eskolan, Neli Zaitegi irakasle eta bizikidetza arloko adituaren ustez (Portugalete, Bizkaia, 1946). Familien eta eskolen arteko elkarlanaz mintzatu da Bilbon, Etorkintza Fundazioak droga mendekotasunari buruz antolatutako jardunaldietan.
Droga mendekotasuna prebenitzeko modurik onena eskolan gaitasunak garatzea dela uste duzu. Zertan datza hori?
Hainbat esparrutan prebentzioa lantzeko, programak bultzatzen dira eskoletan, baina nik uste dut ez dugula programarik behar: eskolan ondo egiten badugu gure lana, prebenitzea lortuko dugu. Haurrek eta gazteek autoerregulatzen ikasi behar dute, haien buruen jabe izaten; besteekiko harreman positiboak izateko gai diren pertsonak egitea du helburu hezkuntzak. Hori txikitatik egin behar da; nerabezaroan arazoak antzematen direnean jardutea alferrik da batzuetan.
Horregatik diozu kausetan jarri behar dela arreta, eta ez sintometan?
Noski. Zergatik jotzen dute nerabeek drogetara? Arrakasta dutenak, egokitze estrategia onak dituztenak... horiek ez dira drogak hartzen hasten. Zergatik daude neska gutxi droga hartzen dutenen artean? Neskek, oro har, bizitzan eta harremanetan egokitze estrategia positiboak garatzen dituzte, sentimenduei buruz asko hitz egiten dute, eta, ondorioz, buruan egitura sendoagoak eraikitzen dituzte, zaintzaren etika oso barneratuta daukate, besteekin enpatiko izaten dira... Gaizki sentitzen direnek jotzen dute drogetara, harreman positiborik ez dutenek, haien gorputza onartzen ez dutenek... Konponbide kimikoak bilatzen dituzte, baina, azkenean, arazo larri bihurtzen da, mendekotasun.
Zein da eskolaren helburua, kontsumoa eragoztea ala neurriz kontsumi dezaten saiatzea?
Ahalegin guztiak jarri behar ditugu drogetara jotzera hel ez daitezen. Prebentzio hori baliagarria izango da drogak hartzen has ez daitezen, baina ondo egoten ere lagunduko die. Bizitza bizitzea merezi duela sentitu behar dute, eta hori ez da lortzen azterketa bat gainditzen edo ez gainditzen, baizik eta ikasleari garrantzia ematen. Lankide batek atzo esan zidan: «Nire ikasleak ez dira bete behar ditudan botilak, piztu behar ditudan metxak baizik».
Pentsaera kritikoa sustatu beharraz mintzatu zara. Pentsaera kritikoa duen baten batek ondoriozta dezake drogak neurriz kontsumi daitezkeela.
Pentsaera kritikoa duena ez da drogak hartzen hasiko, seguru asko. Zeure buruari galdetzen badiozu gauzak zergatik gertatzen diren, ondorioztatuko duzu interes asko dagoela gazteek drogak kontsumi ditzaten, horrela geldi eta isilik mantentzen dituztelako, arkume taldea bezala, gazteen benetako arazoez ardura ez daitezen. Drogek zein ondorio duten hausnartzeko irizpideak ematen ditu pentsaera kritikoak. Bestalde, badaude errito antzeko batzuk, lehen aldiz mozkotzea, adibidez. Baina gauza bat da behin mozkortzea, eta beste gauza bat dibertitzeko mozkortu behar izatea; hori kezkagarria iruditzen zait. Ez al dago beste modurik lotsa galtzeko? Oso lotuta dago kultura elementuekin, erreferenteekin; izan ere, gazteek ikusten dutena ikasten dute, hedabideek ematen dizkiguten eredu ezegokietatik, Hemen, orain eta esfortzurik gabe leloan oinarrituta.
Irakasleen autoritatea indartzearen aldekorik badago. Ados al zaude horrekin?
Autoritatea ezin da inposatu, norberak irabazi behar du, langile ona izanez, ikasleez kezkatuz, hezkuntza proiektua aurrera ateratzeko lan eginez, familiekin elkarlanean jardunez... Hori da autoritate morala, besteek ematen digutena, gauzak ondo egiten ditugulako. Baina irakasleen lana zalantzan jarri dute, balioa gutxitu diote, eta guk lidergoa berreskuratu behar dugu, gure esparruan adituak garela aldarrikatu.
Ereiten denaren araberako uzta biltzen da, baina eskola ez da ereiten duen bakarra. Zama handiegia al dago eskolaren gainean?
Zama baino gehiago zurikeria handia dagoela uste dut. Eskolari tranpa egiten zaio, gauza gehiegi eskatzen zaizkio, eta gainerako eragileek eskuak garbitzen dituzte. Haurren gizentasunaren aurka eskolak egin behar duela diote, baina zergatik ez dituzte debekatzen osasunarentzat erabat txarrak diren produktuen iragarkiak? Interes ekonomiko jakin batzuei men egin, eta gero eskolaren gainean jartzen dute arazoa konpontzeko ardura.
Hoztu al da familien eta eskolaren arteko harremana?
Ikastolek indarra hartu zutenean, izugarri estutu zen familien eta eskolen arteko harremana, gurasoek proiektuan parte hartzen zuten. Baina eskolaren rola auzitan jarri den neurrian, sinesgarritasuna galdu dugu, eta gurasoen eta eskolaren artean bereizketa egon da. Harreman hura berreskuratu behar dugu. Etxean ere lan handia egin behar da; haur bati mugarik jartzen ez bazaio, hezkuntzarako eskubidea urratzen ari zaizkio gurasoak. (Berria)
No hay comentarios:
Publicar un comentario