miércoles, 7 de julio de 2010

Hezkuntza ikusezina

1-7-2010 - Berria

Hezkuntza bereziko profesionalek baliabide falta salatu dute, eta atzerapausoak ematea egotzi diote Administrazioari

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.500 ikasle inguruk dituzte premia bereziak

Beasaingo ikastetxe batean gertatu berri da: gurpil aulkian dagoen mutiko batek lehen maila hasi behar du, baina ikasgela lehen solairuan dago eta ez dago igogailurik. Ikastetxeak, ordea, ez du ikasgela beheko solairuan jarri nahi. «Lehenetsi behar den ikaslea atzean uzten da, eta gainerako guztiak lehenesten dira, alderantziz izan beharko lukeenean». Idoia Ormazabal LABeko Heziketa Bereziko arduradunaren hitzak dira. Azken batean, hitz horien atzean, honako gogoeta hau dago: hezkuntza premia bereziak dituzten pertsonak dira gizarte honetara egokitu behar direnak, edo gizarteak berak egon behar du prest hezkuntza premia bereziak dituztenak jasotzeko?

Ekainaren 23ko 118/1998 dekretuak zehazten du zein ikaslek behar duten hezkuntza berezia Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Haien eskolatzearen aldi batean, edo eskolatze osoan, hezkuntza laguntza eta arreta espezifikoak behar dituzten ikasleak». Gaur egun, hezkuntza sarean premia bereziak dituzten 7.500 neska-mutiko inguru daude. Gehientsuenak ikastetxe arruntetan dabiltza. Garai batean, hezkuntza sistemak bakartu eta bereizi egiten zituen. «80ko hamarkadan zentro espezifikoen eredu baztertzailearen kontrako iritzi zabala zuen gizarteak, eta hezkuntza integratzailea bihurtzeko baliabideak garatzen hasi ziren hezkuntza eragileak», azaldu du Ormazabalek. Hala, gaur egun ikastetxe arruntetan, ohiko irakasleez gain, pedagogia terapeutikoko irakasleak, fisioterapeutak, logopedak, hezitzaileak, zeinu hizkuntzako interpreteak, transkribatzaileak... ari dira hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen integrazio bideak lantzen. LABek argi du: neska-mutiko horiek euren herriko ikastetxeetara eraman behar dira. «Ezin ditugu baztertu. Baina, herriko ikastetxean ikas dezaten, egin ditzagun egin beharreko egokitzapen guztiak. Haur horiek ezin ditugu ikusezin bihurtu».

Curriculum egokituak

Hezkuntza premia bereziei erantzuteko, banakako curriculum egokitzapenak (NCE) lantzen dituzte berritzeguneetan, ikasle bakoitzari dagokion txosten psikopedagogikoa kontuan harturik. NCEk hezkuntza premia berezietako ikaslea eskolan eta gizartean errazago integratzea du helburu, curriculuma bera doituz eta egokituz. Hor zehazten dira haur bakoitzarekiko helburuak, jarduerak, edukiak, metodologia, ebaluazio irizpideak eta prozedurak. Mikel Olabarria Heziketa Bereziko eta Hezkuntzan Lan Osasuneko LABeko arduradunaren esanetan, ordea, toki askotan ez dituzte egiten, neska-mutikoa markatu dezakeelakoan. «Guk uste dugu hobe dela egitea. Egia da neska-mutikoa besteengandik ezberdindu egiten dugula, baina txosten horrek balio behar du ezberdintasun hori gainditzeko. Ez badira beharrak dokumentatzen, Administrazioari eskuak libre uzten zaizkio».

Egokitzapenak era askotakoak izan daitezke: oztopo arkitektonikoak ezabatzea, garraiobideak egokitzea, argiztapen eta soinu baldintza egokiak ziurtatzea, altzariak eta ordenagailuak egokitzea, braille sistema jartzea, grabazio tresnak eta lupak izatea... Baina, ikaskuntzarako materialaz gain, giza baliabideak ere ezinbestekoak dira; tartean hezitzaileak. Ormazabal eta Olabarria egun LABen aritzen badira ere, urte askotan aritu dira hezitzaile lanetan. Ormazabalek azaldu duenez, normalean hezitzaileen kolektiboak premia larriak dituztenekin egiten du lan, hala nola autistekin, Downen sindromea duten haurrekin, garun perlesia dutenekin, gaixotasun arraroak dituztenekin... Une oro daude haiekin, bai ikasgelan, jantokian eta garraioan. «Geure buruaren aurka egiten dugu lan. Izan ere, haur horiek gure beharra ez izatea nahi dugu. Horrek esan nahi du neska-mutiko horrek garapen ona izan duela». Dena dela, Ormazabalek nabarmendu du hori ez dela normalena. Lehen Hezkuntzan beste haurrekiko ezberdintasuna ez da hain agerikoa izaten. Idazten eta irakurtzen ikasten dute. Baina, hezkuntza prozesuak aurrera egin bezala, atzean gelditzen dira, eta ohikoa izaten da bizpahiru kurtso errepikatzea.

Eskola barneratzailetik urrun

Hezitzaileen lana ez dagoela behar beste aitortua eta baloratua uste dute Ormazabalek eta Olabarriak. Ikusezina dela. Eta, askotan, gainera, ikusezinak izaten dira emaitzak. «Ikasle horien emaitzak askotan ez dira ikusten, eta horregatik ari da Administrazioa murriztu eta murriztu. Eredu neoliberal hutsa da: emaitzarik ematen ez duena, kanpora». Halaxe mintzo da Eduardo Uribe, Elgoibarko ikastetxeko pedagogo terapeutikoa. 13 urte daramatza arlo horretan lanean, eta kritiko da esan dizkieten murrizketekin.

Olabarria, ordea, ziur da ume horiek ahalmenak badituztela eta, ahalmen horiek garatuz, gauza asko lor daitezkeela.

Horren haritik, egungo eskola barneratzailea hutsunez eta faltsukeriaz puzturiko ikurra dela uste dute. Euren irudiko, urrun gaude Kalitatezko eskola denentzat helburutik: «Ez da kalitatezkoa ikasle guztientzat erantzun hezitzaileak eraikitzen ez dituen eskola, ikasle guztien beharrei erantzuten ez diena edota behar berezietara egokitzeko malgutasun gutxi eskaintzen duena».

Baliabideak. Horixe eskatu dute behin eta berriz. Eta euren lana aitortzeko. «Ez dut ukatuko lana ez dela laguntzazkoa, baina oinarrian heziketa dago. Ez gara gurpil aulkiak toki batetik bestera mugitzeko langileak. Administrazioak, ordea, nahiago du hezitzaileok laguntzazko lanketa egitea. Umea eskolan egongo da, baina gelan egoteak ez du esan nahi ikasten ari denik. Bestelako premiak ditu, eta premia horiek asetzeko baliabideak behar dira».

Eguneroko aurrerapenen jabe hezitzaileak direla dio Olabarriak: «Jarrerak irakatsi behar zaizkie. Jantokia eta patioa ere esparru hezitzaileak dira. Gizarte txiki bat elkartzen da han. Arriskua dago gainerakoek ume hori baztertzeko, eta besteei ere esan behar zaie ume hori euren ikaskidea dela, harekin jolastu behar dutela, hari egokitu behar zaiela. Eta hori dena batez ere hezitzaileek egiten dute».

Ormazabalek ulertzen du eskola lanez gainezka dagoela. Motxila bete lan dutela, eta heziketa berezia positibo eta aberasgarritzat hartu ordez, drama gisa bizi dutela. «Horregatik da ezinbestekoa heziketa berezian ari garenoi baliabideak ematea, haur horiei kalitatezko hezkuntza bermatzeko».

Administrazioa, ordea, kontrako bidean ikusten dute: eman ordez, kendu eta kendu ari da. Eta murrizketa horiek jada ondorio batzuk izan dituzte, Ormazabalen esanetan: «Gure lana jada ez da erakargarria. Guk gure lana bizi egiten dugu. Neska-mutiko horiekin lortzen dugun harremana oso sakona da. Erreferente garrantzitsuak gara haientzat. Langileak nekatzen ari dira, ordea».

Atzeraka

Integrazioan aurrera egin ordez, atzerapauso nabarmenak ematen ari direla diote. «Atzeraldian gaude», ondorioztatu du Uribek. Beldur da ez ote den 50eko eta 60ko hamarkadetako eredura itzuliko: «Jantzi bat egin diegu neska-mutiko horiei, baina orain biluzten ari gatzaizkie».

No hay comentarios: